top of page
  • Black Facebook Icon
  • Black Twitter Icon
  • Black Google+ Icon

Orozkotik ibilaldia ( PR-BI-33 ) 

Ibarra - Zaloa - Urigoiti - Aresketa - Ibarra

ALDI BATERAKO ITXITA

Ibarrako plazatik irtengo gara. Aurrez aurre ditugun eskailera batzuetatik igoko gara. Baserri batzuen albotik igaroko gara, estrata batera iristeko. Estrata hau hartu eta ur-andelerantz igoko gara. Bertatik eta mendi-bidetik jarraituta, Zaloa auzora igoko gara.

Auzoa zeharkatuko dugu iturriaren eta Santa Maria parroki elizaren albotik, saindu titularra San Pedro bada ere. Eliza honen atzean, lurrezko mendi-bidea hartuko dugu beste ur-andel batera joateko. Mendi-bidetik jarraituko dugu, harik eta hesia zeharkatu arte. Aurreraxeago, eskuinetara dagoen belarrezko mendi-bidea hartuko dugu.

Bertatik 100 m.ra, mendi-bide honek ezkerretara jotzera behartuko gaitu, bi pinudiren artean dagoen bide-zidor batetik igotzeko. Gainaldera iritsitakoan, zelai batetik jarraituko dugu norabide beretik. Itxina Haitzak beti izango dira gure abiapuntu. Horrela, Urigoiti eta Pagomakurre lotzen dituen mendi-bidera iritsiko gara.

Mendi-bide honetatik igota, Itxinako harresia ikusiko dugu. Bertan oso nabariak dira Haitzak, eta aurrerago, bazter honetan sartzeko ate naturala, hau da, Atxulaur Begia. Nolanahi ere, ibilbideak berak mendi-bidean behera jaitsiera behartuko gaitu Urigoitirantz. Izan ere, Gorbeiako Parke Naturalaren kartelaren ondotik igaroko gara.

Hesia zeharkatutakoan, 100 bat. m.ra, mendi-bidetik irtengo gara. Ezkerretara dagoen belar eta harrizko mendi-bidea hartuko dugu, oso zehaztuta ez badago ere. Dena dela, berehala utziko dugu hurrengo bihurgunean, eskuinetik jaitsi eta hesia zeharkatzeko. Jolasgune batera jaisten den mendi-bide aldapatsua hartuko dugu. Jolasgune horretan mahaiak eta iturria daude. Bertatik aurrera, mendi-bidea zementuzkoa da Urgoiti auzoraino.

San Lorentzo parroki elizaren albotik igaroko gara. Auzoan behera goazela, baserri eder hauen arkitektura miretsi ahal izango dugu. Azken etxeraino iritsiko gara. Bertatik estrata bat hasiko da. Bertatik Arisketa auzora jaitsiko gara antzinako bide batetik.

Bertan, zertxobait jaitsita, Ibarra eta Urigoiti auzoak lotzen dituen errepidera irtengo gara. Eskuinaldetik eta Atxuri ibaiarekiko paralelo, bolatokiaren ondoan dagoen San Roke baselizara iritsiko gara. Aurreraxeago, Ibarra auzoan bertan, komentura heldu eta plazan amaituko dugu ibilbidea.

OROZKO (BIZKAIA)

8 KM

2 ordu eta 15 min

350 m

ZAILTASUN ERTAINA

Ibilbide labur gehiago

Esperientziak

Ibilbideak

Bisita gidatuak

bottom of page