
AUPA MAURIZIA IBILBIDEA
ELEXABEITIA. Bizilekua eta Aupa Maurizia!

60. hamarkadan euskal kulturak pizkundea biziko zuen, etxeko sutondotik berriro ere plazaratuz. Pizkunde horrek ekarriko zuen Mauriziaren urrezko aroa.
Garai hartakoa dugu Mauriziak, Leon Bilbao, Fasio Arandia eta Basilio Undagoitiarekin batera osatu zuen taldea, panderoaren, trikitixaren eta albokaren soinuak uztartzen zituena.
Bere bizitoki izan zen Elexabeitin “Aupa Maurizia!” oihukatzen ikusten dugu Maurizia bera bideo honetan.

Larruquert, F. (Jatorrizko filmaketa, 1978). Maurizia Aldeiturriaga (1904-1988) [Artxiboko materiala]. K. San Sebastián (Zuzendaria), Del país de los vascos saioan (1998). Baleuko; Euskal Telebista (ETB).
Eta hala oihukatzen zuen plazetan ere. Hona hemen horren zergatia azalduta “Aupa Maurizia!” liburuan Paia/Paya anaiek argitaratua :
«–Maurizia.
–Zer, Teodora?
–Jende askok galdetu dit ea zergatik esaten duzun “aupa Maurizia” plazan jotzen ari zaren bitartean. Eta egia esan, neuk ere ez dakit zergatik egiten duzun.
–Teodora, horrek erantzun erraza dauka ba! Neronek aupatzen ditut Leon eta Fasio, baina ni nork aupatzen nau? Leonek ezin du berbarik egin alboka jotzen duen bitartean… eta Fasio totela da! Bietako zeinek animatuko nau ni?
–Arrazoi!
–Horregatik esaten diot neure buruari… Aupa Maurizia!».


