
Petralandako Ibilbide Mitologikoa
AROZTEGIETA. Ermita eta bolatokia

Aroztegietako auzoan aurkitzen dogu gaur egun Loiolako San Inaziori eskainitako ermita, lehen Santa Katalinari eskainita egon zana: daukagun dokumentazino urriaren arabera, 1770 inguruan emona zn ermitaren izen-aldatze hori. Halanda be, biek partekatu eben titularidadea geroagoko hainbat hamarkadetan zehar be. Iraganean bere eleizpean egiten ziran Aroztegietako Kofradiaren batzarrak eta ermitaren alboko horma barruan aurkitzen dogu bolalekua, oraintsu barriztatua. Ez da hau kasu bakarra herrian: Diman gaur egun zutunik jarraitzen daben 16 ermitetatik zazpitan ikus daikegu ezaugarri hori. Horrek sasoi bateko gure auzoetako bizitzan bola-jokoak izan eban presentziaren garrantziari buruzko ideia egiteko aukerea emoten deusku.
Bola-jokoak Bizkaian une disdiratsuena XIX. gizaldiko azken hamarkadetan eta XX.aren lehen erdian ezagutu eban, ia auzo bakoitzak bere bolalekua eukalako, zeinetan bolariek txakolin edo sagardo pitxerkada jokatzen eben. XX. gizaldiaren erdialdetik aurrera ostera, herri joko gehienek ezagutu eben beherakadagaz etorri zan aldaketa esanguratsua bola-jokoan be. Gelditu diran bolalekuak baserri inguruetan dagoz, ia ezkutatuta eta ermitaren baten eta urteroko jaiaren babesean, Dimako kasuan ikusi ahal izan dogun legez. Edozelan be, antza azken urte honeetan bola-jokoak gurean izan dauan garrantzia soziokultural esanguratsuz barriro hasi gara konturatzen. Normalean gure bolalekuetan praktikatzen zan modalitatea “munadun erremontea” izenagaz ezagutzen dana da, bolariak buztinezkoa dan zorua landuz egindako alboko erremonteak eta erdiko muna aprobetxatzen dauz eta egurrezko bolari norabide egokia emoteko, lauza karratu baten jartzen diran bederatzi “txirlo” handi eta txikia, “txakile”, lurrera botatzen ahaleginduz. Edozelan be, bolak bolatokiaren amaieran zeharkatutako "zura" ukitu behar du, tirada baliozkotzat jo ahal izateko.


